Noticias

 

Aurreko urteetako udak Endredetan proiektua bezala izendatu zirean, eta aurten ere berdinagaz jarraituko da, uztailean Igorreko umeak endreduz endredu ibili daitezen. Endredetan proiektuaren barruan sartzen dira Udako ludoteka, Udaleku irekiak eta Parkean endredetan (parkera hurbiltzen direan ume guztiekaz olgetako prest dagozen begirale bi izango dira, umeak familiakoen zaintza pean egon arren). Aurtengo udarako Zaztaparrak Asti Taldeak hurrengo gai zirraragarria proposatzen dau: TAN TATA TXAN! izango da aurtengo udako interesgunea, ANTZERKIAn eta IPUINETAN oinarritua.

Zazpatarrak asti taldearen eskutik burutuko da udako eskaintza. Ekimen honen bidez urtean zehar ludotekan egiten den beharrari jarraipena emoten dautso Udalak, udan bestelako alternatibak eskainiz umeantzako.

Udaleku irekiak orain dala 7 urte burutzen dira, udako ludoteka orain dala 6 urtetik hona eta “Parkean endredetan” orain dala hiru urtetik hona.

Udako ludotekak 10:00etatik 13:00etara funtzionatuko du, egun ezberdinetan adinaren arabera. 4-5 urteko gelak: ekainaren 24tik 28ra; 1-2. mailak: uztailaren 1etik 5era; 3-6.mailak: uztailaren 8tik 12ra eta 3 urteko gela: uztailaren 15etik 26ra.

Udako ludoteka Kultur Etxeko erakusketa gelan prestatu da. Horretarako, erakusketa gela zeharo itxuraldatu dogu, jolasez eta kolorez beteta. Ludoteka erakusketa gelara eraman da, baina ludoteka berezia izango da. Hiru gune ezberdin izango dauz eta haurrek, hiru guneetatik igarotzeko aukera izango dabe egunero. Gune bakotxean jorratuko dogun gaiaren lanketa ezbardina egingo dabe programazino eta haurren erritmoaren arabera.

  1. gunea: ANTZOKI LIBREA. Jolas librerako eta marrazketa librerako txokoa izango da. Jolaserako baliabide ezberdinak eskainiko jakiez umeei: mahai-jolasak, antzerkirako txontxongiloak, mozorroak, panpinak… Eguneko gaiagaz lotutako marrazketa indartuko dugu, beti ere bakoitzaren irudimena errespetatuz.
  2. gunea: ANTZOKI TAILERRA. Eguneko gaiarekin lotutako eskulana egingo da bertan, izaera ezberdineko materialak eta berrerabiltzeko materialak erabiliz.
  3. gunea: KALE ANTZOKIA. Gure herriko plaza bailitzan, gune hau jolaserako (librea eta gidatua) erabiliko dogu, beti ere adierazkortasunari garrantzi berezia eskainiz.

Udaleku irekiek 10:00etatik 13:30etara funtzionatuko dute. 4tik 12ra urte bitartekoek uztailaren 15etik 26ra izango dabe aukera eta 12tik 16 urtera bitartekoak uztailaren 1etik 5era. 

“Parkean endredetan” egitasmoa 11:00etatik 13:00etara burutuko da. Ekimen hau adin guztietako umeentzako da, gurasoen ardura pean.

Udako ludotekan txanda gehienetan 25 ume onartu dira gehienez (dena bete da), 3 urtekoen txandan 20 ume gehienez (dena beteta). Guztira udako ludotekatik 90 bat ume pasako da aurtengo udan. Beharrezkoa balitz, hezitzaile bereziak be aurreikusita daudela (inoiz arreta berezia behar duten umeak egon direlako)

Udaleku irekietan 4-12 urtekoetan 65 ume sar daitezke gehienez eta 12-16 urtekoentzat 20 pertsonako kupoa dago (bete ez dena).

Egitasmoakaz lantzean direan baloreei jagokonez, adierazkortasuna lantzea da aurtengo erronka nagusia, beti ere taldearen baloreak ahaztu barik: hezkidetza, kultura aniztasunarekiko begirunea, euskara, kooperazinoa...

Hobekuntza gisa udaleku irekietako 12-16 urteko gaztetxoentzat programazioa bereziki landu da (Lemoako Itzartu programarekin bat eginda): 3 egunez, Igeldotik abiatuta, Donejakue bide zati bat ibili eta Zarautzen surf egiteko aukera izango dabe. Kanpalekuetan egingo dabe lo.