Historia

 

Behe Erdi Aroan (XI. mendetik XV. mendera) Elexalde, Elgetxu eta Urkizu biztanle-guneak nabarmentzen ziran eta baita Santa Lutzi eta San Kristobalen baseliza-parrokiaren inguruan sortutako guneak be. Santa Lutziren baselizearen inguruetan, XI. eta XII. mendeetako hilobiak aurkitu dira, hilerria kristaua zala adierazoten deuskuenak. XIII. gizaldian, Santa Lutziren baselizeak parrokia izateari izti eutson eta Elexaldeko Andra Mariren elizea eregi barria, parrokia bihurtu zan. Halandabe, Santa Lutziko gunea nahiko garrantzitsua izan zan ondorengo gizaldietan, bertatik pasetan zan-eta Aramotzetik Dimara eta Gasteizera joian bidea. Bidaiariek otoitz egiteko baselizak egin ziran: Andra Mari Aramotzeko baselizea (gaur egun desagerturik dagoana) eta Santa Lutziren baselizan ezarritako San Kristobalena, besteak beste. Bidea gitxiago erabili ahala, Santa Lutziko bizilagun batzuk Elexaldeko aran laura jatsi ziran, nekazaritzea errazten eban Arratia eta Indusi erreka ingurura.
Erdi Aroan jauntxoek (Ugarte, Ubiritxaga, Irazabal...) etengabe egiten eben burruka euren artean eta agintea neurrigabe erabilten eben, batez be Zumeltzutarrek. Holan ba, jenteak laguntzea eskatu behar izan eutsen Arabako Abendañotarrei eta Pedro Ortiz de Abendaño buru ebela, Zumeltzuko etxea, San Andres elizaren ondoan Sancho Diaz de Noreñak eregitakoa, suntsitu eben VIII. mendean. Hortxe bertan ipini eben Abendañotarrek Urkizuko dorrea, euren eremua kontroletako. Holan, horrek Ahaide nagusiok Bizkaiko hegoaldeko jauntxorik boteretsuenak bihurtu ziran eta Arratia osoa XVII. menderarte menpean euki eben. Ordurarteko leinuek legez, agintea neurrigabe erabili eben, izan be Gaztelako nobleziagaz euki ebezan hartuemonek, esate baterako Manrique leinuagaz adostutako ezkontzak, aginte gehiago eman eutsen-eta. Erregeren zenbait elizaren ugazaba egin ziran, hala nola Igorreko Andra Marirena eta Zumeltzuko San Andresena, eta agintea euren eskuetan mantentzea lortu eben Abendañotarrek. XVIII. mendean Igorreko elizateko goi-karguek Abendañotarrak garaitu ebezan, berauen burua, Don Diego, hilteagaz batera. Semerik ez ebanez euki, oinordetzea alabarik zaharrenak hartu eban eta berau hiltzean, Escalanteko kondesak, Don Diegoren bilobeak, hartu eban agintea. Baina kanpoan bizi zanez, administrari batek jagoten ebazan bere eta bere ondorengoen interesak XIX. menderarte. Bien bitartean, elizateen egitura politikoa eta goi-karguen boterea 1526ko Foru Barriari esker finkatu egin zan eta Igorre ordezkatu eben Gernikako Batzarretan 1558ik 1877ra aulkia eta 65. boto zenbakia eukiela.
Igorren goi-kargu finko bat eta ordezkoa izendatzen ziran urtebetez elizateko jarduerak bideratzeko. Goi-karguok udalerriko kontuak bere gain eukiezan, gauzak pisatu eta neurtzen ebezan eta jai egunetan eta hala egokonean, San Kristobalera joaten ziran, haga luzeak eta girgiluak hartuta prebentzino modura eta egun osoan zuhaitzen baten adarretik eskegita eukiten ebezan “jentearen beldurragaz siniskeriak mantentzeko”.
Herri kontzejuko batzarrak, txinela, alkatea (edo epailea) eta inguruko etxeetako nagusi gehienak bertan egozala, domeketan meza ostean egiten ziran Elexaldeko Andra Mariren eliza ondoan. Gernikako Batzarretara joateko letraduna izan behar zan, hori, antza, batzutan ez zan betetzen eta ez ziran joaten.
Elizateetako goi-karguak nobleak ziran, hau da, dorretxeetako lehengo jauntxoak. Horreetatik Ugartetarrak eta Ubiritxagatarrak nabar mentzen ziran. Komertzioagaz aberastuta, beste etxe batzuk be sortu ziran, Galarzatarrena eta Egiatarrena kasu. Enperadore Carlos Vak emana, San Juan Bataiatzailearen baselizearen ugazaba izatea lortu eben Egiatarrek, Juan de Egia buru ebela.
Lehengo nobleen eta komertzioari esker sortutako nobleen arteko loturen ondorioz, XIX. mendeko protagonistak agertu ziran: Vildosola-Alcala Galianotarrak jatorriz andaluzak, koroari eginiko zerbitzuen truke Errege Estimuko konde titulua jaso ebenak eta Casa Torreko Markesa.
Jauntxoek bere menpe zeuden lurraldeetan elizako karguak izendatzen ebezan, gehienetan bigarren seme-alabak izaten ziran, horregaz agintea sendotzen eben. Abendañotarren kasuan bigarren seme-alabek, diru sarrera gehiago emoten eutsiezan karguak gurago ebezan, euren maila sozialagaz bat etozanak, eta elizako karguak etxetik kanpoko lagun hurkoentzat izaten ziran. XVIII. mendean elizeak interes materialak alde batera itzi eta elizako gaiez gehiago arduratzera bultzatu ebazan elizgizonak, eta abadetxeetara joan behar izan eben, ahaideak eta noble titulua alde batera itzita. Titulurik ezak eta XIX. mendearen hasieran diru sarrerak gitxitzeak azaltzen dau elizgizonak gerrate karlisten aldeko agertu izana. Horreetan liskarrotan, zorrak zireala-eta apurka-apurka ondasunak galdu ebezan nekazariak kexu ziran.
XIX. mendearen erdi aldera hamarrenak kendu ziran. Ekonomikoki elizarentzat galera handia izan arren, eragin sozialak bere horretan jarraitu dau ia gaurdaino. Ordurik aurrera eman zan Erregimen Zaharretik gaur egungo mundurako aldaketa prozesua, 60ko hamarkadan industrializazinoagaz amaitu zana. Hori aldaketaori, ordea, berandu iritsi zan Igorrera, ondoko herrietako industria-guneek erakarrita etorri ziran-eta inbertsioak.
Politikari jagokonez, XX. mendeko Igorrek alboko udalerriek euki dabezan ezaugarri antzekoak euki dauz: bizimodu politikoan etxeetako nagusiak, artisauak eta dendariak agertzen dira batik bat. Ia danak izan ziran karlismoaren aldekoak (Jaimeren aldekoak) mende honetako lehenengo hamarkadetan, eta nazionalisten aldekoak Bigarren Errepublika erori arte. Geroago, demokrazia ezarri arren, alderdi politikoen izaereak lehengoa izaten jarraitzen dau. Honezkero, Igorre da argi ta garbi eskualdeko gune nagusia.

Bibliografia.
- "Historia General de Vizcaya" Egilea: Iturriza
- "Escudos de Vizcaya", Egilea: Javier Ibarra y Bergé
- "Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco" (Auñamendi)
- "Historia General del Señorío de Vizcaya" (Dalmas)
- "Monumentos de Vizcaya" Egilea: Inmaculada Gangoitia
- "Monografías de Pueblos de Bizkaia" Egilea: Ángel Larrea Beobide.